8. Jarduera ekonomikoaren antolamendua
1. Arloa kopurutan
2012. urtean zehar 58 erreklamazio izan dira arlo honetan; beraz, Erakundeak izapidetutako kexa guztien %2,29 arlo honetakoak izan dira. Ondoren administrazioka xehakatuko ditugu:
– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra (Eusko Jaurlaritza).....20
– Foru administrazioa.....2
– Tokiko administrazioa.....2
Honela sailkatu ditugu aztertutako kexak, gaiak edo azpiarloak kontuan hartuta:
– Finantza-erakundeak eta aseguru-etxeak.....30
– Merkataritza, turismoa eta kontsumoa.....16
– Administrazioaren funtzionamendua eta administrazio prozedura.....9
– Nekazaritza, abeltzaintza, arrantza eta industria.....2
– Energiaz (elektrizitatea eta gasa) hornitzeko zerbitzuak.....1
Ondoko taulan 2012ko ekitaldian kudeatutako kexen estatistikak ageri dira, ekitaldia itxi denean (abendua) eduki diren datuen arabera.
2. Kexarik aipagarrienak
2.1. Nekazaritza, abeltzaintza, arrantza eta industria
Atal honetan Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak baliatu behar duen kontrol-jarduera nolabait zehazten duen kexa bat izango ditugu hizpide, interes orokorreko zerbitzuak ematen dituzten enpresei buruzkoa.
Usansoloko auzokideen elkarte batek Arartekoaren esku-hartzea eskatu zuen Usansolon azken hilabeteetan pairatutako energia elektrikoaren horniduraren etete jarraituengatik kezkatuta eta haserre zeudelako.
Egindako eskaerari erantzunez, sail horrek Iberdrola Distribución Eléctrica enpresak egindako txostena bidali zigun. Bertan, argi-etenak gertatzeko izandako arrazoiak eta arazo hori konpontzeko jarraitutako jarduerak azaltzen zituzten.
Zentzu horretan, aipa dezakegu gertatutako matxuren arrazoi nagusia Usansoloko elikatze-lineetatik gertu zegoen zuhaiztia zela, zehazki, Bedia azpiestazioko 3. zirkuituko Bedia lineatik gertu zegoen urertzean kokatutako zuhaiztia.
Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Sailaren baimena lortu ondoren, zuhaiztia moztu zen, beraz, gertatzen ari ziren matxurak nabarmenki murriztuko zirela pentsa zitekeen.
Azkenik, Bedia eta Galdakaoko udal ordezkariekin hainbat bilera egin zirela aipatzen zen. Bertan, Iberdrola enpresak linea elektrikoa lurperatzeko aukera aztertzeko konpromisoa hartzen zuen, zuhaizti horrekin etorkizunean egon zitezkeen arazoen konponbide gisa.
2.2. Merkataritza, turismoa eta kontsumoa
Aurreko urteetan bezala, atal honetan jasotako kexa gehienak enpresa pribatuen jardunari buruzkoak izan dira; baina erakunde honek ezin du arlo horretan esku hartu, euskal herri-administraziorik ez delako tartean egon.
Oro har, planteatutako gai zehatzaren inguruan egoki iritzitako informazioa helarazi ondoren, kexa horiek sustatzen dituzten interesdunei esan diegu Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoak eta Kontsumobide direla kexa horiek izapidetzeaz arduratzen direnak eta, legearen aginduz, une honetan, gure esku hartzeko ahalmena jarduerak ordenamenduarekin bat etortzen ote diren aztertzera mugatzen dela.
Izapidetutako kexei dagokienez, batez ere jorratu duten gaia izan da interesdunak ez zeudela ados udal-bulegoek jarraitu duten prozedurarekin, hain zuzen, Eusko Jaurlaritzaren aurrean sustatu diren kontsumo arloko erreklamazioak izapidetu eta artxibatzeko, organo honek ez baitu egiaztatu administrazioaren arau-haustea egon denik.
2.3. Finantza-erakundeak eta aseguru-etxeak
2012an zehar, euskal familia asko erakunde honekin harremanetan jarri dira euren banku erakundeek finantza produktu bat –lehentasunezko partaidetzak– kontratatzea gomendatu zietelako eta ez direlako ez inbertsioan itxarondako segurtasun mailei ez iragarritako errentagarritasunari erantzuten ari.
Kexa horiek ikusita, Defensor del Pueblo erakundeari honen berri eman genion, eragindakoek onartu baitziguten ez zietela informazio egokirik eman produktu horren ezaugarrien inguruan kontratatu zuten unean.
Banku erakundeen funtzionamendua gainbegiratzea Espainiako Bankuari dagokio. Era berean, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari (CNMV) dagokio balore merkatuen gardentasuna, bertan prezioen burutzapen zuzena eta inbertitzaileen babesa zaintzea. Bi erakunde horiek Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioan atxikita daude. Hori zela-eta, Espainiako Herriaren Defendatzailearekin harremanetan jarri ginen Estatuko Administrazioaren organo horiek jarraitutako jarduera azter zezan.
Jakinarazi izan da CNMVk finantza produktuen komertzializazio okerra zigortzen zuten hainbat espediente ireki dituela, eta horien artean lehentasunezko partaidetzak daude. Era berean, Herriaren Defendatzaileak hainbat gomendio eman ditu CNMVri eta Ekonomia Ministerioari.
Onartu behar dugu banku erakunde baten kontrako zigortzeko espediente bat izapidetzean, kalte-ordaina eskuratzea edo dirua berreskuratzea lortzen ez bada ere, zigortutako banku erakundearen praktika okerra egon denaren froga-elementua da, oso erabilgarria dena banku erakunde hori auzitara eramanez gero. Gure antolamendu juridikoan organo judizialek bakarrik dute eskumena banku erakundeen jarduera aztertzeko eta euren erantzukizun zibila zehazteko.
Une honetan, ziurrenik, emaitzarik eraginkorrenak ematen dituen bidea organo judizialetara jotzea da. Azken hilabeteetan epaitegien adierazpen oso irmoak eta banku erakundeen jarduerekiko oso kritikoak entzun ditugu. Horien bidez, kasuaren arabera, bezeroari gomendatutako inbertsio txarretik sortutako kalte-galeren kontratuzko erantzukizuna onartu da edo baimenean akatsak egoteagatik finantza produktu horien salerosketa kontratuen baliogabetasuna aitortu da, finantza erakundeak kontratuaren aurreko informaziorako beharrak urratu zituela bermatu baita eta, ondoren, aldeen baimena behar ez bezala eman zelako, horiek ez baitzituzten ezagutzen sinatutako erosketa aginduen ezaugarriak eta helburua.
Zoritxarrez, kreditu erakundeak berregituratu eta konpontzeari buruzko abuztuaren 31ko 24/2012 Errege Lege Dekretuak burututako erreformak ez du baztertu bezero minoristei lehentasunezko partaidetzak saltzeko aukera. (3. xedapen gehigarria).
Hala eta guztiz ere, benetako ezbeharra, krisi ekonomikoaren ondorioz etxebizitza galdu behar izan duten pertsonak bizitzen ari dira, izan ere, euren diru-sarrerak nabarmenki murriztean, ezin izan dituzte ordaindu bere garaian euren etxeak erosi ahal izateko sinatutako hipoteka-kredituak.
Hipoteka betearazpena nahitaez etxebizitzarako eskubidearen ikuspuntutik aztertu behar da, konstituzio bidez babestutako eskubide bat bezala, beraz, bat-batean gertatutako eta eragindakoaren erabaki eta esku-hartze eremutik kanpoko arrazoiengatik galtzean, administrazioak fede oneko kontsumitzailearen aldeko oinarrizko eskubide hori defendatzen duten neurriak burutu behar ditu. Herritarren legezko aldarrikapen hori etxebizitzaren alorrean sakonago jorratzen da.
Hori bai, gerturatze hori kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideen ikuspuntutik ere egin behar da. Etxebizitza erosteko familiek euren baliabide kopururik handiena erabiltzen dute.
2012an kaleratzeen drama bideratzen saiatu diren bi arau onartu dira, 6/2012 Errege Lege Dekretua, martxoaren 9koa, baliabiderik ez duten hipoteka-zordunak babesteko presako neurriei buruzkoa eta 27/2012 Errege Lege Dekretua, azaroaren 15ekoa, zordun hipotekarioen babesa sendotzeko neurri urgenteei buruzkoa.
Lehenengoak Jardunbide Egokien Kodea jasotzen du bere eranskinean eta kreditu erakundeek nahi izanez gero harekin bat egin dezakete. Hala ere, gure autonomia erkidegoan ez du birtualtasun handirik izan, 100.001 eta 500.000 biztanle arteko udalerrietan –tarte horretan daude gure udalerri nagusiak– gehienez ere 150.000 eurorengatik erositako etxebizitzen hipoteketan aplikatzen delako. Bestalde, arau horrek jasotzen dituen xedapenak baztertzeko atalasean dauden eta aldi berean euren ohiko etxebizitzan hipoteka kreditu edo mailegu bat zor duten familientzat bakarrik dira aplikagarriak.
Zordun hipotekarioen babesa sendotzeko neurri urgenteei buruzko azaroaren 15eko 27/2012 Errege Lege Dekretuak, bi urteko epean zehar bereziki zaurkorrak diren taldeen ohiko etxebizitzen gaineko kaleratzeak eteten ditu.
Bi arau horiek baloratu behar diren alderdi positiboak jasotzen dituzten arren (hipoteka zorra berregituratzeko neurriak, berandutzako interesak murriztea, kaleratzeak etetea, etxebizitzen gizarte funtsa sortzea familia horiei euren gain har ditzaketen errentak dituzten alokairu kontratuak eskuratzen laguntzeko…) ez dira inolaz ere balio izaten ari arazo larri honi erantzun egokia emateko, nahiz eta 27/2012 Errege Lege Dekretuak zioen azalpenean “berankortasun tasa gure herrialdean baxua” dela eta “aparteko egoera horren ondorioz (zordunei) ekonomia– edo ondare-egoera aldatu” zaiela eta “babes-premia handia” dutela onartzen duen.
Kaleratzeak ez dira gelditu eta familiek egoera oso gogor eta zailei aurre egin behar diete.
Etxebizitza galdu eta istripu baten ondorioz, langabezian geratu izanagatik, bikotekidearekin izandako harremana apurtzeagatik, etab. finantza erakundeari ordaindu ezin dizkioten diru-kopuru handiak zor izaten jarraitzeagatik Arartekora jotzen duten pertsonen kopuruak gora egiten du.
Arartekoak ordainean ematearen alde egin behar dela defendatzen du, hipoteka kreditu bat sinatzean bere gain hartutako erantzukizun guztia iraungitzeko bide gisa, gutxienez, ohiko etxebizitzan eragina duenean, eta maileguaren ordainketan luzamendua ezartzea gomendatzen du, bat-bateko arrazoiengatik, fede oneko mailegatzailea zaurkortasun egoeran dagoenean.
Familiaren gainzorpetzearen aurrean, botere publikoen lehentasuna zordunari mailegua itzultzeko aukera eskaintzen dioten neurriak bideratzera zuzendu behar da baina, aldi berean, posible den guztietan, etxebizitza mantenduz. Hura galtzea betiere azken aukera izan beharko litzateke, egoitza-eremua ezinbesteko baldintza da nortasuna garatzeko eta babes-elementua da gizarte bazterkeriaren aurrean.
Azaro hasieran, Europako Justizia Auzitegiko abokatu nagusiak, Juliane Kokottek, iritzi oso kritikoa eman zuen Espainiako hipoteka legeriak Europar Batasuneko eskubidearekin bat egiten ez zuela salatuz, C-415-11 gaia. Bere ondorio orokorretan, Kokottek gogorarazten du EBko estatuetako kaleratzeen araudi prozesala kontsumitzaileak babesteko Europako zuzentarauarekin bateragarria izan behar dela.
Horregatik, Arartekoak egokitzat jotzen du Euskadiko hainbat epaileren ekimena, 2012ko azaroan Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak bere egin zuena, kaleratzeetan jarduera-protokolo bat ezartzeari buruzkoa. Protokolo horri esker eginbide judizial berri bat ireki ahalko da lehen inolako alegaziorik egiteko aukerarik ez zegoen lekuan, eragindakoak euren abokatuaren bidez entzun ahal izateko. Eginbide berri horrek berehalakoak diren kaleratzeak eteteko aukera eskainiko du 27/20125 Errege Lege Dekretuan jasotako kasuetan.
Hala eta guztiz ere, Kokott abokatu nagusiak bere ondorioetan aipatzen duen moduan, erkidegoko zuzenbidean indarrean dagoen eraginkortasuneko printzipioari jarraiki, deklarazioko prozedura ezagutzen duen jurisdikzio-organoak betearazpen prozedura eteteko (aldi baterako) aukera izan behar du, kontratu-klausula gehiegizkoa den edo ez egiaztatzen den arte.
2012ko maiatzean Eusko Jaurlaritzako Familien Gainzorpetzeari Aurre Egiten Laguntzeko Zerbitzua abian jarri zen. Doako eta aukerako zerbitzu gisa sortu zen, bereziki ekonomiaren alorreko profesionalek osatuta, ohiko etxebizitza ordaindu ezin denean finantza erakundeen aurrean bitartekaritza lanak egiteko helburuarekin. Zerbitzuaren xedea sortutako zorrak kitatzeko ahalik eta baldintzarik onenak bilatzea da, familia unitatearen gaitasun ekonomikoa aztertu ondoren. Etxebizitza Euskal Autonomia Erkidegoan egon behar da eta ohiko etxebizitza eta familiak duen bakarra izan behar da. Era berean, erosketa balioa 350.000 € baino gutxiagokoa izan behar da.
Arartekoak ondo hartu du Eusko Jaurlaritzaren ekimen hori. Hala eta guztiz ere, beharrezkotzat jotzen da laguntza handiagoa eta eragindako familiarekiko babes egokiagoa bideratzea prozesuaren fase guztietan. Halaber, hobe litzateke egoitza-eskubideak betetzen direla bermatzea helburu duen nahitaezko bitartekaritza prozedura izatea. Horrek eskatzen du familien gainzorpetzearen arautzea ezinbestean bideratu behar izatea.
Azkenik, aipatu beharra dago gure autonomia erkidegoan borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak (BGAE) gainbegiratze, kontrol eta ikuskapen erregimen baten mende daudela eta, behar izanez gero, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailaren esku-hartzea bideratzen dela, Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen 5/2012 Legea, otsailaren 23koa, betetzea helburu duena.
Lege honek gizarte-aurreikuspen osagarria hedatu nahi izan du Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren artean, eta, horretarako, bereziki sistema kolektiboak eta enplegukoak sustatu ditu. Era berean, BGAEak erregulatzen dituen araudia argitu eta eguneratu du eta erakunde horien kudeaketaren gardentasuna, eraginkortasuna eta kaudimena ere indartzen saiatu da, baita botere publikoen tutoretza eta kontrol mekanismoak ere, eragindako taldeen interesak babesteko.
Taldeko eta laneko sistemen aldeko apustu irmo horrek ez du oztoporik jarri banakako edo taldeko BGAE bateko kide batentzat, haren lehen ekarpenak hamar urte baino gehiago dituenean, eskubide ekonomikoak erreskatatzeko aukera mantentzeko metatutako erreserben kargura, erabilitako finantza sistemaren arabera.
Lehen ekarpena egin zenetik 10 urte igaro direlako metatutako eskubideak erreskatatzeko aukera ez da ohiko kontingentzia laneko BGAEetan, bertan ekintza babeslea erretiroa, heriotza, ezgaitasuna, iraupen luzeko langabezia, eta abarrengatik Gizarte Segurantzaren prestazioak osatzera bideratuta dago. Hori dela-eta herritarren kexak sortzen ari dira, denboran
luzatzen ari den krisi ekonomiko sakona adierazle duen uneko egoera ekonomikoan, metatutako eskubide ekonomiko horien eskuragarritasuna une hauetan errenta osagarriak eskainiko lizkiokeelako familia unitateari.
3. Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
2012ko maiatzean “Euskal Autonomia Erkidegoan erabiltzaileen eta kontsumitzaileen eskubideak ezartzea” izeneko lana aurkeztu zen, Farapi, SL ikerketa taldeak egina, izan ere, 2011. urtean erakunde horrek deitutako ikerketa-bekaren enpresa esleipenduna izan zen. Azterlan analitikoa da, EAEn teknologiaren, telekomunikazioen eta aireko garraioaren sektoreetan pertsona erabiltzaile eta kontsumitzaileek dituzten eskubideen egoera zabaltzeko eta sentsibilizatzeko helburua duena. Azterlanaren helburu nagusia erabiltzaileek hiru sektore horietan erreklamatzeko eta defendatzeko dituzten moduak eta prozedurak eta esku hartzen duten agente ezberdinek erreklamazio-prozesuan burutzen duten zeregina aztertzea izan da.
Farapiko ikertzaile nagusiak Ararteko erakundeak antolatutako 2012ko UPV/EHUko Udako Ikastaroen esparruan egindako lana aurkezteko aukera izan zuen. Ikastaro horien helburua eztabaida publikoa sortzea zen, oinarrizkotzat eta ezinbestekotzat jotzen diren interes orokorreko zerbitzuetarako irismena herritar guztientzat unibertsala eta kalitatezkoa dela bermatzeko herri administrazioek burutu behar duten kontrol eraginkorra eta errealaren irismenean sakontze aldera.
Jardunaldi horietan txostengile-multzo handia egon zen: Clara Asúa doktoreak kontsumitzaileen eskubideen zaintza mekanismoetara hurbildu gintuen hiru lurralde esparruetan (Europa, Espainia eta Euskadi); Teresa Costa doktoreak eskumen-esparru hori osatzen zuen ekonomiaren eta enpresaren ikuspuntuarekin; eta mahai-ingurua, Kontsumobideko zuzendariak, Barakaldoko kontsumitzaileei arreta emateko bulegoaren arduradunak, Euskalteleko aholkularitza juridikoko zuzendariak eta Farapi enpresako ordezkariak osatuta. Azken horrek ikuspuntu ezberdinetatik kontsumitzaile eta erabiltzaileek enpresa pribatuen interes orokorreko zerbitzuak eskaintzearen gainean dituzten eskubideen egunerokotasunari buruzko ikuspegi erreala osatu zuen.
Bestalde, finantza erakundeen jarduerei buruzko atalean azaltzen genuenez, 2012an zehar herritar askok helarazi digute, idatziz zein ahoz, banku eta aseguru erakunde batzuen jarduerarekin ados ez zeudela eta babesgabetasun sentsazioa zutela.
Euskal herri administrazio bati dagokion gatazka baten aurrean ez gauden arren, erakunde hau inplikatutako agente guztiekin lankidetzan egon da eragindako pertsonen babesean aurrera egin ahal izateko, bereziki, hipoteka zordunen kasuetan.
Horrela bada, erakundeak Bizkaia Jaurerriko Abokatuen Bazkunak “Hipoteka zordunak babestearen eremuan jarduteko proposamenak” izenekoen inguruan antolatutako jardunaldien esparruan laguntza eskaini zuen gogoeta batekin eta Familien gainzorpetze egoeren aurreko proposamenekin.
Era berean, Oviedon Asturiasko Prokuradoretza Nagusiak (Herriaren defentsa-erakundeak) antolatutako lan-saio batean parte hartu zuen Iñigo Lamarca arartekoak, “Krisi ekonomikoko egoeran etxebizitzarako eskubide konstituzionala eraginkortasunez babesteko neurriak” gaiaren gainean. Topaketa horretan, Iñigo Lamarca arartekoak “Etxe kaleratzeak: giza eskubideen ikuspegitik aztertu beharreko gizarte-arazo larria” izenburuko ponentzia aurkeztu zuen.
Topaketan barrena, Espainiako Herriaren Defendatzaileak, Arartekoak eta autonomia erkidegoetako gainontzeko herriaren defendatzaileek adierazpen garrantzitsu bat onartu zuten krisi garai honetan etxebizitza izateko eskubideari buruz, eta hainbat neurri proposatu zituzten etxe kaleratzeen arazo larriari aurre egiteko.
Era berean, 2013. urteko UPV/EHUko Udako Ikastaroen esparruaren barnean, Ararteko erakundeak pertsonek finantza erakundeekiko harremanetan dituzten eskubideak babesteari buruzko gogoeta eta eztabaida jardunaldia antolatuko du, datorren uztailerako aurreikusita dagoena.
Gure gizartea pairatzen ari den krisi ekonomikoaren ondorio gisa, bankuetako produktuak eta zerbitzuak erosi izanagatik sortutako zaurkortasun eta babesgabetasun egoeren aurrean eta kontrolatu gabe dauden eta familiaren bizitzan eragin handia duten ondorioak sortu dituzten bankuen jardueren aurrean babesik gabe gaude. Egoera hau larritasun maila handienera heltzen da hipoteka betearazpenekin.
Bankuetako zerbitzuak interes orokorreko zerbitzuak al dira? Ikuspuntu horren alde egin behar dugu, izan ere, kontsideratu izan da interes orokorrak eskatzen zuela banku-erakundeak diru publikoarekin erreskatatu behar zirela. Babestu behar dugun ikuspuntu horretatik, zerbitzu horien gaineko administrazioaren esku-hartze zuzena eskatu behar dugu, horiek arautzeaz gain, kontrol eraginkorra ere gaineratuko duena.
Estatuak bermatu behar du herritarrek kontsumitzaile eta erabiltzaile gisa dituzten eskubideak legez babestuta daudela, eta bankuen esparruko kontrataziotik sortutako beharrak oinarrizko eskubide horiek errespetatzen dituztela.
4. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
Aurten ere esan behar da arlo honetan jorratu dugun kexa kopurua gutxitu egin dela, aurkeztu dizkiguten kexa guztien artean azpimarragarriak badira ere oinarrizkotzat jo ditzakegun zerbitzuetako erabiltzaileek sustatutakoak –adibidez, gas edo elektrizitate hornidurari edo telefonia zerbitzuei buruzkoak–. Dena den, zerbitzu horiek enpresa pribatuek ematen dituzte baina herri-administrazioek interes orokorreko zerbitzuen ematearen gaineko nahitaezko kontrol-lanak egin behar dituzte.
Hala eta guztiz ere, ekitaldi honetan autonomia erkidego honetako herritarrek ekonomia eta finantza erakundeekiko izandako harremanetan sortu zaizkien arazoen inguruan aurkeztutako erreklamazio kopuruak nabarmenki egin du gora.
Zehazki, hori ez da Arartekoaren esku-hartzearen barruko esparru bat; izan ere, finantza- eta kreditu-erakundeen jardunaren kontrola ez dago otsailaren 27ko 3/1985 Legeak –Ararteko erakundea sortu eta arautzekoak– erakundeari ematen dizkion eskumenen barruan: hala eta guztiz ere, pertsona horiek orientatzen saiatu gara, hau da, haien erreklamazioak eta kexak organo eskudunei aurkezteko informazioa eman diegu.
Euskal herri administrazio bati dagokion gatazka baten aurrean ez gauden arren, Ararteko bulegoa ezin da alde batera geratu bizitzen ari garen egoera larriaren aurrean eta, horregatik, inplikatutako agente guztiekin lankidetzan aritzen saiatu da, eragindako pertsonen babesean, bereziki, hipoteka zordunen babesean, aurrera egin ahal izateko.
Ahaleginik handiena egin behar da etxebizitza izateko eskubide konstituzionala babesteko, familiarik geratu ez dadin etxerik gabe.
Zentzu horretan, Arartekoak ordainean ematearen alde egin behar dela defendatzen du, hipoteka kreditu bat sinatzean bere gain hartutako erantzukizun guztia iraungitzeko bide gisa, gutxienez, ohiko etxebizitzan eragina duenean, eta maileguaren ordainketan luzamendua ezartzea gomendatzen du, bat-bateko arrazoiengatik, fede oneko mailegatzailea zaurkortasun egoeran dagoenean.
Familiaren gainzorpetzearen aurrean, botere publikoen lehentasuna zordunari mailegua itzultzeko aukera eskaintzen dioten neurriak bideratzera zuzendu behar da baina, aldi berean, posible den guztietan, etxebizitza mantenduz. Hura galtzea betiere azken aukera izan beharko litzateke, egoitza-eremua ezinbesteko baldintza da nortasuna garatzeko eta babes-elementua da gizarte bazterkeriaren aurrean.